Noiz matrikula naiteke?
Matrikulazioa irailean da, eta ikastaroak urrian hasten dira. Hortik aurrera, tokia dagoen bitartean, edozein momentutan has zaitezke martxan dauden taldeetan.
Zelan egiten da matrikula?
Matrikula online egiten da gure web-orriaren bidez, euskaltegian zein etxetik egin daiteke. Ordainketa txartela edo Bizum bidez egin daiteke.
Zenbat urterekin matrikula naiteke?
16 urte beteta edo urte naturalean beteta matrikula zaitezke.
Txandaka lan egiten badut, zelan egin dezaket?
Txandaka lan egiten baduzu, aukera ematen dugu modulazio bereko goizeko eta arratsaldeko taldeetara etortzeko, betiere bi taldeetan tokia badago.
Behin ikastaroa hasita, taldez/ordutegiz alda naiteke?
Tokia dagoen bitartean, posible da taldez aldatzea.
Behin ikastaroa hasita taldea utzi beharko banu, dirua gordetzen zait?
Baja jakinarazten denetik, jaso ez diren eskola-orduen kopurua gordeko da beste ikastaro baterako (ikastaroaren erditik aurrera eragindako bajen kopururik ez da gordeko). Terminoak eta baldintzak gure web-orrian daude.
Zein da nire maila?
Ez badakizu zein den zure maila, edo duela urte asko ez baduzu euskara erabili, gure web-orriko mailaketa proba egitea gomendatzen dugu, konpromisorik gabe.
Zenbat ordu behar ditut maila lortzeko?
Maila teorikoan:
Hauxe da gutxi gorabehera maila bakoitzeko behar diren orduen estimazioa:
| A1 MAILA | A2 MAILA | B1 MAILA | B2 MAILA | C1 MAILA | C2 MAILA |
| 125 irakastordu | 200 irakastordu | 250 irakastordu | 350 irakastordu | 400 irakastordu | 200 irakastordu |
Praktikan:
Laburragoa izan daiteke … ikaslearen abiapuntua zein den, euskara
erabiltzeko eta praktikatzeko aukerak nolakoak diren, hautatzen
duzun moduluaren arabera, eskaini ahal diozun denbora kontuan
izanda, etab.
Nolako ikastaroak daude?
Aurrez aurreko ikastaroak daude:
– Egunerokoak, egunean 4 orduz edo 2 orduz
– Astelehenetik ostegunerakoak, egunean 2,5 orduz
– Astean 3 egunekoak, egunean 2 orduz
– Astean bi eguneko ikastaroak, egunean 2,5 orduz, bakarkako tutoretzekin (Aurrez aurreko 10 ordurik behin 30 minutuko tutoretza)
– Astean behingo ikastaroak.
Autoikaskuntzako modulua ere badago; HABEren programa informatikoa erabiltzen da (ONLINE), astero mintzamena lantzeko ordubeteko saioa egiten da, eta bi asterik behin bakarkako 45 minutuko tutoretza.
C2 maila prestatzeko, nolako ikastaroak daude?
Aurrez aurrekoak astean bi egunetan, egunean 2,5 orduz.Onlineko ikastaroa. Astero mintzamena lantzeko ordubeteko saioa egiten da, eta bi asterik behin bakarkako 45 minutuko tutoretza.
Zeintzuk dira dirulaguntzak?
HABEren dirulaguntzak:
- EUSKARA BONUA (26-27 ikasturtean): ordaindu behin, ikasi 4 urte. Eusko Jaurlaritzak Euskara Bonua aurkeztu du, euskara ikasteko aukera ematen duen doako eredu berri bat. Hasierako ordainketa bakar baten bidez, 120 eurokoa, eta lau urte arteko epean, B1 mailara iristeko aukera emango du. Sistemak ez du ibilbide itxi bat planteatzen, aukera malgu bat baizik, non pertsona bakoitzak bere erritmoan egiten duen aurrera, norberaren abiapuntuaren arabera.
*Informazio gehiago dirulaguntzen atalean.
- C1 mailarako (16-18 urte) dirulaguntzak. Ikasleek zuzeneko dirulaguntza jasoko dute euskaltegian matrikulatzean, eta horrela, ordu bakoitzeko 0,60€ bakarrik ordainduko dute matrikula egitean. Asistentziaren % 75 bete behar da.
- Dirulaguntzak ikasle guztientzat maila gainditzeagatik edo egiaztatzeagatik. Bi ikasturteetan ordaindutako zenbatekoa berreskuratu ahal izango dute ikasleek, mailaren araberako muga jakin batzuekin.
- Asistentziaren % 75 bete behar da.
- C1 eta C2an, behin titulua lortuta baino ez.
Udalen dirulaguntzak:
- Bilboko Udala. Herritar guztiek dute aukera dirulaguntza eskatzeko, baldin eta Bilbon erroldatuta badaude eta matrikula Euskal Autonomia Erkidegoko euskaltegi homologaturen batean egin badute. Azpimaila gainditu eta gutxieneko asistentzia bete behar da. Apiril aldera argitaratzen dute deialdia.
- Etxebarriko Udala. Etxebarritarrek deskontua daukate ikastaroen prezioetan; gainera, ordaindutako zenbatekoa berreskuratu ahal izango dute ikasleek. Oinarriak Etxebarriko Udaletxean edo Euskaltegian.
- Gainerako udalak. Zenbait udalek dirulaguntzak ematen dituzte. Honakoek, besteak beste: Basauri, Leioa, Getxo, Sopela, Mungia, Galdakao, Zalla, Balmaseda eta Santurtzi. Udalen laguntzak eskuratzeko baldintzak zein diren, dagokion udalean galdetu beharko du ikasleak, eta aurkeztu beharreko agiria bulegoan prestatuko diogu.
LANBIDEren dirulaguntzak:
- HABE eta LANBIDEren arteko akordioaren bitartez, diruz lagunduko dira hainbat euskara-ikastaro. Ikastaroa ordaintzetik salbuesten duen fitxa lortzeko, lanbide.euskadi.eus web-orrira sartu, prestakuntza atalera.
Dirulaguntzak bateragarriak dira?
Bai, HABEri eta beste erakunde bati euskara ikasteagatik dirulaguntza eska diezaiekezu. HABEk ematen duen dirulaguntza bateragarria izango da xede berarekin jaso daitekeen beste edozeinekin, baldin eta gainfinantzaketarik ez badago.
Zenbat diru jaso dezakezu maila bakoitzeko?
2025-2026 ikasturtean euskaltegian ordaindutako matrikula eskura daiteke, betiere, ondoko gehieneko muga kontuan izanda:
HABEren A1 maila: 600 euro.
HABEren A2 maila: 800 euro.
HABEren B1 maila edo baliokidea: 900 euro.
HABEren B2 maila edo baliokidea: 1.000 euro.
HABEren C1 maila edo baliokidea, 1994an edo ondoren jaio diren ikasleentzat: 700 euro.
HABEren C1 maila edo baliokidea, 1993an edo aurretik jaio diren ikasleentzat: 150 euro.
HABEren C2 maila edo baliokidea: 100 euro.
Noiz eska ditzaket dirulaguntzak?
2025-2026 ikasturtean HABEren dirulaguntzak eskatzeko bi txanda daude: lehenengo txanda: ekainaren 26tik abuztuaren 4ra arte; bigarren txanda: irailaren 1etik azaroaren 3ra arte. Eskari bakarra egin ahal izango da gainditutako maila bakoitzeko.
Bilboko Udaleko dirulaguntza apirilean eskatu ohi da.
Langabezian banago, deskonturik egiten duzue?
2025-2026 ikasturtean egunean bost orduko ikastaro trinkoa eskainiko dugu urritik ekainera langabezian daudenentzat, zerotik hasteko. Ulibarri Euskaltegiak doan eskaintzen duen ikastaroa da. Bestalde, langabezian dauden pertsonei %5eko deskontua egingo diegu ikastaroetan, matrikula egitean langabezian egotea egiaztatuz gero.
Zelan egiaztatzen dira mailak (tituluak)?
A1 eta A2 mailak euskaltegiko ebaluazioaren bidez egiaztatzen dira.
B1, B2, C1 eta C2 mailak azterketa ofizialen bidez egiaztatzen dira.
Zein azterketa- edo egiaztatze-deialdi mota dago?
• HABEren deialdiak: Euskaltegietako ikasleentzako deialdia (ezinbestekoa da atalase mailako proba euskaltegian gainditzea), Deialdi irekia eta HOBE deialdia (ordenagailu bidez).
• Hizkuntza Eskolako deialdi irekia.
• IVAPeko deialdia.
• IRALEko deialdia.
Noiz izaten dira azterketak?
Data zehatza ez badakigu ere, azkenengo urteetan hauxe izan da gutxi gorabehera aurreikusitako egutegia:
• HABEren lehen azterketaldia:
Matrikula: apirilaren hasieran
Idatzia: maiatzaren hasieran
Mintzamena: ekainaren bukaeratik uztailaren hasierara
• HABEren bigarren azterketaldia:
Matrikula: irailaren hasieran
Idatzia: urriaren hasieran
Mintzamena: azaroaren bukaeratik abenduaren hasierara
• Hizkuntza Eskolako deialdi irekia.
Matrikula: otsailaren hasieran.
Idatzia: maiatzean
Mintzamena: ekainean
Nola egin azterketarako matrikula?
HABEren webgunetik: Hasi saioa > Azterketak: matrikulak eta emaitzak > [hautatu deialdia eta maila] > Matrikula egin/ikusi
Saioa hasteko, zure erabiltzailea eta pasahitza sartu behar dituzu: erabiltzailea beti da norberaren nortasun-agiriaren zenbakia letrarekin, eta pasahitza, inoiz aldatu ez bada, norberaren nortasun-agiriaren zenbakia letrarik gabe.
Azterketen emaitzak gordeko zaizkit?
Bai, 2024an edo geroago gainditutako proben emaitzak gordeko dira azterketaldi batetik bestera (euskaltegiko gainditua gordetzen da 2 azterketaldirako).
• Euskaltegietako ikasleen deialdia: Irakurmen-proba eta entzumen-proba (biak gaindituz gero). Idazmen-proba ere gaindituta badago, gordeko da hori ere.
• Deialdi irekia: Irakurmen-proba eta idazmen-proba (biak gaindituz gero).
• HOBE deialdia: Irakurmen-proba, entzumen-proba eta idazmen-proba (hirurak gaindituz gero).
Baliozkotze batzuk beste deialdietara ere zabalduko dira.
Behar berezirik izanez gero, nola kudea dezaket?
Azterketaldirako matrikula egiteko garaian, HABEren lurralde-arduradunari egin beharko diozu eskaera.
Eskatzen duzun egokitzapena azaldu behar duzu (aulki, mahai edo ordenagailu berezia, entzungailuak, braille-sistema eta abar), kasuan kasuko antolaketa-moduaren arabera.
Desgaitasunaren eremuan eskumena duen erakunde publikoak emandako agiri ofiziala aurkeztu behar duzu. Agiria zazpi egun naturaletan aurkeztu beharko duzu, matrikula egiteko epea bukatu eta hurrengo egunetik aurrera. Hauek dira agiria aurkezteko moduak:
HABEren bulegoetan: Jatorrizko agiriaren konpultsa HABEk egingo du.
Posta elektronikoz: agiriak erakundearen edo profesionalaren sinadura elektronikoa badu, fitxategi hori azterketak@habe.eus helbidera bidal daiteke. Mezu elektronikoz bidalitako agiriak sinadura elektronikoa badute soilik onartuko dira.
Erregistroa duen beste administrazio publiko batean (udala, aldundia, Zuzenean zerbitzua…). Agiria HABEra bidali nahi dela adierazi behar da.
Adibidez, dislexia dela-eta egokitzapena eskatzen dutenei, probetan % 33ko denbora gehiago emateaz gain, edozein testu 14 tamainako Arial letran eta 1,5 lerroko tartearekin ematen zaie.
Non/Nola eska dezaket titulua?
HABEren web-orriaren bidez, ikaslearen sarbidetik.
Noiz hasten dira klaseak? Eta noiz bukatu?
Ikastaroak urriaren hasieran hasi eta ekainaren bukaeran amaitzen dira. Egutegia gure web-orrian dago, ikaslearen atalean.
Zenbateko asistentzia izan behar dut? Asistentzia derrigorrezkoa da?
Euskaltegiak ez du derrigorrezko asistentziarik eskatzen, baina mailak egiaztatzeko edota dirulaguntzak jasotzeko hauxe da HABEk eskatzen duena:
A1 eta A2 mailak egiaztatzeko, HABEk gutxieneko asistentzia eskatzen du, %75.
Bestalde, dirulaguntzak eskatzeko, gutxieneko asistentzia bete behar da, HABEn %75 eta Bilboko Udalean %60.
Non ikusi ahal dut nire asistentzia?
HABEren web-orrian norbere sarbidetik.
Zer ekarri behar dut ikastaroa hasteko?
Koadernoa/folioak eta boligrafoa. Irakasleak esango dizue zein liburu erabiliko den taldean. Liburuak didaktika-taldeak eginak dira eta euskaltegian erosten dira.
Arazorik izanez gero, zer egin dezaket?
Iradokizunik edo kexarik izanez gero, mezu elektronikoz edo geletan horretarako egokitutako orrien bidez (buzoia bulegoan dago) idatzi edo bulegoan esan, eta kalitate-sistemaren arabera kudeatuko dugu.
Ikasturtearen lehenengo hiruhilekoa bukatu aurretik gogobetetze-mailari buruzko inkestak pasatuko ditugu, hartara ekarpenak egiteko aukera izan dezazuen.
Zein da metodologia?
Ikasteko modua praktikoa eta komunikatiboa izango da. Hala, garrantzitsua da ikasleen parte hartzea. Klaseko dinamikak helburu/egiteko praktiko batekin lotuta daude. Klasean euskaltegiko mailako testuliburu eta euskarazko baliabide digitalak erabiliko dira: ariketak, bideoak, audioak…
Etxeko lanik bidaltzen da?
Taldean adosten da eta gehienetan egiteko laburrak eta erabilgarriak izango dira. Helburua da klasean landutakoa finkatzea edota bakarka egin daitezkeen ariketak egitea eta, horrela, klasean mintzatzeko tarte handiagoa izatea.
Noiz eta nola ebaluatzen da?
Datak mailaren eta moduluan egiten diren orduen araberakoak dira. Irakasleak jakinaraziko du aldez aurretik noiz izango diren.
Ebaluazioan lau trebetasunak neurtuko dira, HABEko azterketetan egiten den bezala. Maila gainditzeko lau trebetasunak gainditu behar dira.
Euskaltegiak kanpo ekintzarik antolatzen du?
Ikasturtean zehar efemeride esanguratsuak ospatzen dira. Era berean, irakasleekin adostutako irteerak edo bisita gidatuak antolatzen dira.