Zer egin gabonetan Bilbon?

Gabonetako argiak
Udaletxean, fatxadaren argiztapena, Gabonetako zuhaitza, Gabonetako bola handia eta Bilboko baldosa. Areatzako Baso Magikoa, 120 zuhaitz argiturekin. Kale Nagusiko argi urdinak. Olentzero eta Mari Domingi Emakumeen Plazan. Urrezko Balea Handia udaletxe aurrean, Uribitarteko kaian. Argi-tunel handia, hirurogeita hamar metrotik gorako luzerakoa, eta musika Casilda Iturrizar parkean (soinu-paseak 18:30ean, 19:30ean eta 20:30ean). Eta argiztatutako baldosa erraldoiak hiriko leku askotan. Adibide pare bat jar dezakezu?:

 

Gabonetako zuhaitzak
Adierazgarrienak dira Udaletxe plazakoak, Arriaga plazakoak eta Indautxu plazakoak. Aurten zuhaitz erraldoi berri bat jarriko dute Moyua plazan, musikaz lagunduta gainera.

Gabonetako azoka (Erripako kaian)
26 etxetxo egongo dira eta guztietan salduko dituzte Gabonetako produktu tipikoak. Egunero 11:30 – 14:30 eta 16:30 – 21:00. Itxita: abenduaren 25a eta urtarrilaren 1a.

Gabonetako Artisau Azoka (Areatzako kaian)
Egunero 11:00 – 14:30 eta 17:00 – 20:30. Abenduaren 24an eta 31n 11:00 – 15:00. Itxita: abenduaren 25a eta urtarrilaren 1a.

Gabonetako haur-karpa (Erripako kaian)
Baso Magikoan (3-6 urte), ludoteka, tailerrak edo gutun-postontzia; eta Ganbaran (6-12 urte), ipuin-kontalaria, sorkuntza-gunea… Astelehenetik ostiralera, 16:00etatik 20:30era, eta asteburuetan eta jaiegunetan, 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:30era. Abenduaren 24an eta 31n eta urtarrilaren 5ean goizez, 11:00etatik 14:00etara. Abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean eta 6an itxita egongo da. Sarrera doakoa da baina izena eman beharko da bertan edo webgnean:
https://www.eventbrite.es/o/bilboko-udala-ayuntamiento-de-bilbao-35384619543

Izotz-pizta (Areatzan) eta Patinatzeko txirrista (Erripan)
11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:30era lanegunetan eta 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 21:00etara asteburuetan, jaiegunetan eta eskolako Gabonetako opor-egunetan. Abenduaren 24an eta 31n 11:00etatik 14:00etara. Abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean 17:00etatik 21:00etara.
Prezioa: 4 euro 30 minutuz patinatzeko (patinak barne) eta 3 euroko prezioan txirristatik lau aldiz jaisteko aukera. Sarrerak bertan edo webgunean: https://www.bilbaopistadehielo.com/eu/.
Jaiotza-erakusketak
Nabarmentzekoak dira Pausoen Museokoa, Arte Sakratuaren Museokoa edo Erriberako Merkatukoak.

San Tomas azoka
Gabonei ongietorria emateko tradizioa da.
San Tomas eguna abenduaren 21ean ospatzen da Bilbon. Aukera ona gure baserritarrek, beren arbasoek egiten zuten bezala, salgai jartzen dituzten produktuak erosteko, edo taloa txorizoarekin jateko, sagardo edo txakolin goxoaz lagunduta. Non: Areatza eta hango aterpeak, Arriaga, San Nikolas. 09:00etatik 20:00etara.

Olentzero eta Mari Domingiren desfilea
Abenduaren 23an 17:50ean, Olentzerok eta Mari Domingik herritarrak agurtuko dituzte Carlton hoteleko balkoitik. 18:00etatik aurrera Moyua plazatik abiatuko da desfilea eta ibilbide hau egingo du: Moyua plaza, Kale Nagusia, Plaza Biribila, Nafarroa kalea, Arriaga antzokiko plaza. 19:00etan, Arriaga antzokiko plazan, musika-ikuskizuna eta Olentzeroren eta Mari Domingiren agurra. Abenduaren 24an, Olentzerok eta Mari Domingik Bilboko umeak hartuko dituzte Arriaga antzokian 11:00-14:00 bitartean, haien eskutitzak jasotzeko. Gainera, umeentzako tailerrak, musika eta ikuskizunak izango dira antzokiko plazan. Txartelak online har daitezke.

Gorbeiara igotzea
Gabonetako beste euskal tradizio bat da.
Diotenez, Urteberri goizean Gorbeiara igotzea da urteari ekiteko modurik onena. Batzuk gauez igotzen dira, Urteberri egunean gurutzearen barrenean eguna zabaltzen ikusteko. Gorbeiak, eta haren ingurune osoak, protagonismo handia du euskal mitologian, eta euskal istorio mitologiko ugariren eszenatokia da. Gailurrean gurutze izugarria dago. 1901. urtean eraiki zen eta 18 metroko altuera du. Hala ere, kontuz ibili, komeni da-eta eguraldiaren iragarpenari kasu egitea.

Erregeen desfilea
Urtarrilaren 5ean 18:00etan hasiko da desfilea. Argiz, soinuz eta kolorez betetako karrozak Kale Nagusitik ibiliko dira, eta Udaletxeko balkoira iristean bertaratutako guztiak agurtuko dituzte. Errege Magoekin hitzordua urtarrilaren 5ean izango da goizez Udaletxean, eta tiketak webgunean erreserbatu ahalko dira urtarrilaren 2an.

 

—————————————————————————–

Euskal kultur agenda:

• BERTSOLARIAK (ABENDUAK 9): Miren Amuriza, Aissa Intxausti eta Maite Sarasola. AURKEZLEA: Idoia Anzorandia. MUSIKA: Aner Euzkitze eta Libe Goenaga Arrieta. “Ez da kasualitatea”. 19:00etan. Deustuko Udaltegia. Bertsoak eta musika. Euskara.
• LITERATURAREKIKO ELKARRIZKETAK (ABENDUAK 10). “Literatura, bertsolaritza eta musika” 19:00etan. Bidebarrietako liburutegia. Hitzaldia. Euskara.
• KIRMEN URIBE (ABENDUAK 12). “En mis sueños siempre tienes 20 años”. 19:00etan. Bidebarrietako liburutegia. Liburuaren aurkezpena. Elebiduna.
• BILBOKO UDAL TXISTULARI BANDA ETA AHOTSAK ABESBATZA ETA GORKA AGINAGA (ABENDUAK 14). “Elur malutak”. 19:00etan. Lourdesko Andre Mariaren eliza eta San Adrian. Musika.
• BIHOTZ ALAI DANTZA TALDEA (ABENDUAK 15). 12:00etan. Auzotik (Fleming-Zabala Doktorearen plaza 22). Dantza.
• BIDEBARRIETA ZIENTIFIKOA (ABENDUAK 18): “Teknologia kuantikoa: zer da?”. 19:00etan. Bidebarrietako liburutegia. Topaketa. Euskara.
• ANA APIKA (ABENDUAK 19): “Paperezko Zirkua”. 18:00etan. Udaltegia. Antzerkia. Clown. Euskara.
• ONDALAN ERRALDOIEN KONPARTSA (ABENDUAK 21). 20:00etan. Levante plaza. Kalejira.
• BEGO ALABAZAN (ABENDUAK 23): “Gutxiago gehiago da”. 18:00etan. Altamirako Udaltegia. Euskara.
• MAGI & ILUSIOA (ABENDUAK 23): ”Azterketa magia”. 18:0etan. Abandoko Udaltegia. Magia. Elebiduna.
• TRIKILEKU (ABENDUAK 24). Trikitixa kalejira. 10:30-14:00. Artazuriña kalea (Europa parkea). Musika.
• GAZTEDI DANTZARI TALDEA (ABENDUAK 24). 17:00etan. Basarrate plaza. Haurrentzako erromeria.
• BETI JAI ALAI DANTZARI TALDEA (ABENDUAK 24). 18:0etan. Aita Donostia plaza. Erromeria.
• BENETAN BE (ABENDUAK 26). Batetik Bestera: Kontzertua. 12:00etan. San Frantziskoko Udaltegia. Antzerkia, musika. Euskara.
• EDU MAGOA (ABENDUAK 26). Zu zara magoa. 18:00etan. Udaltegia. Magia. Euskara.
• LIUBA MAGOA (ABENDUAK 27). Denok dugu magia. Uretamendi Udaltegia. Elebiduna.
• IRUTASUN DANTZARI TALDEA (ABENDUAK 27). 20:00etan. Altamira auzotik (irteera frontoitik). Dantza.
• SALBATZAILE DANTZA TALDEA (ABENDUAK 28). 20:00etan. Santiago plaza (Alde Zaharra). Erromeria.
• PANTZART TEATRO (ABENDUAK 30): “Korri, kuru, korri”. 12:00etan. San Frantziskoko Udaltegia. Txotxongiloak. Euskara.
• FIRULETE ANTZERKIA (ABENDUAK 30): “Etxe sorginduaren misterioa”. 18:00etan. Abandoko Udaltegia. Txotxongiloak. Euskara.
• ONDALAN ERRALDOIEN KONPARTSA (ABENDUAK 31). 11:30etan. Blas de Otero kalea 42i. Kalejira.
• PANTZART TEATRO (URTARRILEK 2): “Korri, kuru, korri”. 18:00etan. Masustegiko Udaltegia. Txotxongiloak. Euskara.
• EVA MAGOA (URTARRILAK 3): Mugarik gabeko magia. 18:00etan. Olabeagako Udaltegia. Magia. Euskara.
• MONDA & LIRONDA (URTARRILAK 3): “Desioak”. 18:00etan. Abandoko Udaltegia. Clown. Euskara.

Animatuko al zara? Bidali argazkia lehiaketak@ulibarri.eus helbidera.

——————————————————————————————————

Etxean goxo egoteko hemen dituzu bestelako ideiak:

Intxaur-saltsa, gabonetako euskal postrea
Intxaur-saltsa duela gutxienez bi mende euskal baserrietan sortutako postrea da.

Eguberriko ospakizunetarako egiten zen lurrak emandako garaiko fruituak baliatuz. Izenak berak ondo azaltzen digu gozo honen osagai nagusia: intxaurra. Txikitu ondoren, esnearekin, azukrearekin eta kanelarekin nahasten dira, eta su motelean egiten da. Postre hau sortu zen garaian, ordea, bestelakoak ziren erabiltzen ziren osagaiak. Azukrea oso garestia zen orduan, baita txokolatea ere. Turroiak oraindik ez ziren ezagutzen! Hori dela eta, ohikoak ziren produktuak erabiltzen zituzten osagai modura. Ez harritu honekin: jatorriz, intxaurrez gain, ogiarekin, urarekin eta bakailao lehor papurtuarekin egiten zen. Galtzear izan zen errezeta hau, ordea, eta, hain zuzen, tolosar ezagun batek berreskuratu zuen 80ko hamarkadan: Joxe Mari Gorrotxategi gozogileak.

Testuraz krematsua da, natilla batzuen antzerakoa, zertxobait lodiagoa. Lodiera hori, ordea, erabilitako intxaurren edo sutan izandako denboraren araberakoa izan daiteke.
Osagaiak:
500 ml esne
500 ml esnegain
250 gr. intxaur
200 gr. azukre
Bi kanela zotz
Errezeta:
1. Intxaurrak eta azukrea nahastu eta txikitu.
2. Lapiko batean berotu esnea, esnegaina eta kanela zotzak, irakiten hasi arte.
3. Behin irakiten hastean, gehitu txikitutako intxaurrak eta azukrea eta nahasi.
4. Berriro ere irakiten hasten den unetik aurrera, zortzi minutu gehiago izan su motelean, eta ia denbora osoz irabiatzen jarraitu. Kontuan izan behin hozten utzita gehiago lodituko dela nahasketa, hortaz, ez zaitez pasa lodierarekin.
5. Denbora hori igarota, hozten utzi hozkailuan. (Gau bat)
6. Jan aurretik, haren lodiera arindu dezakezu. Horretarako, bota esne-gain pixka bat eta nahastu. Zerbitzatzeko orduan zertxobait apaindu nahi baduzu, gehitu esne-gain harrotua, kanela-hautsa eta intxaur-zatiak gainetik.

Turroizko mug cake
Mug cake izenekoak, hitzez hitz, katiluko tartak dira. Katilu batean prestatzen diren bizkotxoak dira. Katiluan bertan nahasten dira osagaiak, eta katiluan bertan egiten da bizkotxoa. Ideia bikainak dira, prestatzeko oso errazak izateaz gain, traste gutxi zikinduko ditugulako eta denbora gutxi beharko dugulako, mikrouhin-labean egiten dira eta. Zapore askotakoak egin daitezke, baina, Gabonetan gaudenez, turroizkoa egitea proposatuko dizuegu.
Osagaiak:
1 arrautza
2 koilarakada azukre
4 koilarakada edari begetal
4 koilarakada irin
1/2 koilarakada legamia
25 g Xixonako turroi
gainetik botatzeko azukre-hautsa
Errezeta:
1. Katilu batean, arrautza eta xilitola (urki-azukrea) nahastuko ditugu, harro geratu arte.
2. Edari begetala gehitu eta nahastu egingo dugu.
3. Irina eta legamia iragazi eta katilura botako ditugu, eta dena ongi batu arte nahastuko dugu.
4. Azkenik, turroi hautsia botako dugu eta dena zabaldu arte nahastuko dugu.
5. Katilua mikrouhin-labean sartu eta gehieneko potentzian egingo dugu 2 minutuz. Denbora hori pasatu eta gero, txotx batekin ziztatuko dugu erdialdean eginda dagoen egiaztatzeko (mikrouhin-labearen arabera), eta egin gabe badago, beste minutu bat gehiago sartuko dugu.
6. Azukre-hautsa gainetik botako dugu.
Oharrak:
Beste turroi batekin ordezka dezakegu, edo fruta freskoarekin, kakao-kremarekin…
Egiteko denbora zertxobait alda daiteke mikrouhin-labearen arabera. Horregatik, sartu 2 minutu eta gero egiaztatu nola dagoen.
Katilu bat baino gehiago egin behar badituzue, hobe da mikrouhin-labean banaka egitea.

Gatzatuzko sorbetea
Osagaiak:
4 gatzatu
500 ml esne-gain izozki
300 ml Kaiku Km0 esne oso
Apaintzeko:
2 arrautza-zuringo
75 g azukre
75 g intxaur
20 g gurin
3 koilarakada irin
Kanela-hautsa
Errezeta:
1. Gatzatuak irabiatzeko ontzi batean jarri eta irabiagailu batez irabiatuko ditugu. Bol batean jarriko ditugu, esne-gain izozkia gehituko eta hagaxka batekin dena irabiatuko dugu.
2. Gustukoen ditugun ontzietan botako dugu eta hotzean gordeko ditugu.
3. Apaintzeko, arrautza-zuringoak azukrearekin bat harrotuko ditugu.
4. Beste ontzi batean, intxaurrak birrinduko ditugu eta irinarekin zein pomada puntuan dagoen gurinarekin nahastuko ditugu. Mugimendu inguratzaileak eginez gehituko ditugu zuringoak.
5. Orea zirkulu-forman zabalduko dugu labeko papera duen erretilu batean, eta 170 ºC-tan laberatuko dugu 15 minutuz. Kanela-hautsa hautseztatuko dugu eta gainean erdibanatutako teilak jarriko ditugu.

Animatuko al zara errezetak prestatzera? Bidali argazkia lehiaketak@ulibarri.eus helbidera.

——————————————————————————————————————————————————————-
Letra-zopa
Bilatu ondorengo hitzak: OLENTZERO, MARI DOMINGI, IZARRA, ASTOA, GUTUNA, IKATZA, ELURRA, ELURPANPINA, PINUA, POSTALA

Asmakizunak
• Gogorra eta eztia, gabonetako jakia. ………………………….
• Barnetik zimurra, kanpotik gogorra. Jan nahi baduzu, ken ezazu oskola. ………………………….
• Gona luzea du, mihia motza, urrutitik entzuten da haren kantu hotsa. ………………………….
• Mendian, berde. Zakuan, beltza. Sutan gorri. ………………………….
• Izanagatik txikia, gela handira sartzean betetzen du guztia. ………………………….
• Beterik, igo. Jaitsi, hustuta. Azkar ez banabil, geratuko zait hoztuta. ………………………….
• Mahaira atera ohi dira. Ez da jaten, ezta edaten, bai ordea, ebaki eta banatzen. ………………………….
• Iristean estali lepoa eta kokotza. ………………………….
• Kristal polita beti bustita. Nahi dugu udan, badugu neguan. ………………………….
• Ni hasten naizenean kantari, zuhaitz guztiak dantzari. Ni hasten naizenean txistuka, ateak eta leihoak korrika. ………………………….
• Ez naiz haizea. Ez naiz elurra. Baina nire negarrekin bustiko dizut burua eta bustiko da zorua. ………………………….
• Udan jendez beterik, neguan huts-hutsik. Zutik baino gehiago egoten da han etzanik. ………………………….
• Zuri-zuria eta biribil, iluntasuna argitzen dabil. ………………………….
• Kandela pilo bat argi eta argi, inork ezin ditu itzali. Pizturik daude beti, nahiz eta batzuetan ez ikusi ………………………….
• Hori hala bazan, sar dadila …………………………. Eta atera dadila gure herriko plazan.

Gabonetan euskaraz zoriondu
Presta itzazu gabon hauetan lagunei, lankideei eta familiari zorionak eman eta urte berria opatzeko mezuak edota postalak. Hemen dituzu adibide batzuk:

+ Zorionak eta urte berri on!
+ Jai zoriontsuak opa dizkizuegu!
+ Eguberri on eta urte zoriontsua izan dezazuela!
+ Nire zorionik zintzoena Gabon hauetan eta urte berri on!
+ Urte berriak zoriona ekar dezala.
+ Gabon-poza opa dizuegu gogoz.

Animatuko al zara? Bidali mezua edo argazkia lehiaketak@ulibarri.eus helbidera.