GAU BELTZA: LEHIAKETA EUSKALTEGIAN
Egun, Gau Beltza Euskal Herrian ospatzen hasi den jaia da. Euskal ohitura zaharrak berreskuratuz, jaiegun hau sustatzen ari dira hainbat herritan.
Ospatzen al da Gau Beltza zure herrian? Ospatzeko asmorik daukazu?
Duela hamarkada batzuk, oraindik ere, oso zabaldua zegoen Euskal Herriko txoko askotan Urriaren 31n Gau Beltza edo Arimen Gaua ospatzeko ohitura.
Arimen Gaua eta Gau Beltza sinonimoak dira. Gau Beltzak iluntasunari egiten dio erreferentzia; Arimen Gauak, berriz, heriotzari. Alabaina, oinarrian berdintsuak dira.
Euskal Herrian egun hauek tradizio katolikoarekin batutako ospakizunak izan dira batik bat. Santuak eta hildakoak gurtzeko egunak dira, arimak Zerura irits daitezen errezatzeko egunak. Domu Santu Egunean eta Arimen Egunean elizkizunak ospatzen dira hildako senitartekoen eta lagunen omenez otoitz egiteko. Hilerrian, hildakoaren omenez, lehen oliozko kriseiluak edo kandelak jartzen ziren, eta gaur egun lore-sortak.
Egun haietan, ordea, baziren bestelako ohitura batzuk, gaur egun sartzen ari zaigun Halloween festaren antzekoak. Hain zuzen, kalabazak hustea, janari eskean ibiltzea edo baserriz baserri kantuan ibiltzea ohitura izan dira herri askotan XX. mendera arte. Haurrak gurean ere kalabazekin jolasten ziren duela ehun urte
Kalabazak, edo arbia, hustea eta modu beldurgarrian argiztatzea, gauean izua sortzeko, ohikoa zen Euskal Herriko toki askotan. Iluntzean haur eta gazteek bide-bazterretan arbi eta kalabaza hustuetan kandelak ezkutatzen zituzten, eta etxez etxe eske-errondak egiten ziren. Gaztaina-garaia izaten denez, kalean gazteek gaztainak jatea ere ohitura omen zen.
Gau Beltza herritik sortutako festa da, herrikoia. Halloween desberdina da. Halloween festak sustrai luzeak ditu: zeltek ospatzen zuten, eta irlandarrek eta ingelesek eraman zuten Estatu
Batuetara [AEB], bertara emigratzean. Hasieran, haien komunitateetako jai bat zen, baina Estatu Batuek erabaki zuten XX. mende hasieran ospakizun nazional moduko bat izatea, bai halaber komunikabideetan lantzea. Kontsumismoaren eta kapitalismoaren ikuspegitik, mundu osora zabaldu da Halloween, globalizazioaren bidez.
Egun, Gau Beltza Euskal Herrian ospatzen hasi den jaia da. Euskal ohitura zaharrak berreskuratuz, jaiegun hau sustatzen ari dira hainbat herritan.
Ospatzen al da Gau Beltza zure herrian? Ospatzeko asmorik daukazu?
Hemen dituzu ideia batzuk:
• Egizu eske-erronda, udazkeneko fruituak edo gozokiak eskatuz.
• Hustu kalabazak, emaiezu aurpegi-itxura eta argiztatu.
• Prestatu kalabaza-bizkotxoa.
• Mozorrotu zaitez.
• Jan gaztainak edo prestatu gaztaina erreak.
• Adierazi beldurrak idatziz eta sutara bota.
• Egin ezazu beldurrezko ipuinen kontaketa.