ZUBEROAKO MASKARADAK
Euskal Herriko herri askotan ospatzen dituzte negu parteko inauteriak, baina
Zuberoakoak bereziak dira, koreografia, ohitura eta koloreengatik,
baita bertako dantzari finengatik ere.
Maskaradak antolatu nahi dituen herriak dantzari on ugari izan behar ditu,
herriaren ohorea jokoan baitago. Garai batean laurogeitik goiti partaide
zituzten, baina gaur egun hogei lagun aski dira.
Zuberoak 18.000 biztanle ditu. Antzeko biztanle kopuruko herria da Tolosa,
adibidez. Maule-Lextarre hiriburuak 3.000 biztanle ditu, eta herriek 200, 400
edo asko jota 800 biztanle. Barkoxe herri handienetakoa da Zuberoan, eta 775
biztanle ditu. 300 biztanle dituen herri batean, maskaradak antolatzeak herriko
gazte ia guztiak inplikatzea dakar.
Goizetik abiatzen dira dagokien herrira, eta bertan, dantzan, etxez etxe ibiltzen
dira. Lehen oinez joan beharra zuten, eta zain zeuden bertakoak, barrikada
eraikita, herrira sartzea oztopatzeko. Dantza eta sasi-borroken ondoren,
barrikada jaustea lortzen dute.
Bazkal ondoren plazara ailegatzen dira dantza eta jokoak egiteko. Ofizioak
izeneko saioan, ofizio bakoitzak bere antzerki-dantza saioa egiten du.
Txorrotxek kantuz aurkezten dute saio bakoitza, eta askotariko dantzak
tartekatzen dituzte. Zuberotarren arteko harremanak lotu eta indartzeko
bide dira maskaradak.
Bi pertsonaia mota daude: gorriak eta beltzak. Gorriak jende zintzoa, ona
da; bere gain daude dantza ikusgarrienak. Gorrien artean: Txerrero, Gatuzain,
Kantiniersa, Zamalzain, Entsenaria, Jauna, Anderia, Laboraria, Laborarisa,
Marexalak eta Kükülleroak. Beltzak gorrien aurkakoak dira; gaiztoak,
ahalkegabeak, zikinak, ebasleak, gezurtiak… Beltzen artean: Kherestuak,
Xorrotxak, Buhameak, Kauterak (Pupu eta Pitxu), Bedezia eta Bedezi.
Maskaradaren grazia handienetakoa dialektikoa da. Diskurtsoetan dago
mamia. Txorrotxek beren kobletan, eta kauterek eta buhameek diskurtsoetan,
ironia, sarkasmoa eta kritika zorrotzak jaurtitzen dituzte ziri eta trufa artean.
Herrian urtean zehar izan diren gorabeherez informatu eta herritarrei barrea
eragiteko erabiltzen dituzte.
Ezagutzen ez badituzu, negu honetan duzu aukera.
Urtarrilaren 12an hasi ziren eta
martxoaren 30ean bukatuko dira
2025eko maskaradak, Altzai-Lakarriko
gazteek emanak. Guztira 12 emanaldi
izango dira urtarriletik martxora,
asteburuero.
Oraindik garaiz zabiltza:
Otsailak 15, larunbata: Pagolan
Otsailak 23, igandea: Atharratzen
Martxoak 1, larunbata: Gamere-
Zihigan
Martxoak 9, igandea: Idauzen
Martxoak 15, larunbata: Barkoxen
Martxoak 23, igandea: Urdiñarben
Martxoak 30, igandea: Altzain
Ohitura den moduan, lehena eta azkena
antolatzaileen herrian izango dira,
Lakarrin edo Altzain, eta Zuberoako
beste 10 herri bisitatuko dituzte.
Inauteriak direnez, asko du inprobisaziotik, baina ohikoena izaten da lehen
barrikada 9:00-10:00ak aldera hastea, eta goizean zehar beste hiru edo lau
egitea. Emanaldi nagusia edo ofizioak, berriz, bazkal ondoren hasten dira,
15:00-16:00ak bueltan, herriko plazan edo frontoian, edo aterperen batean,
eguraldi txarra badago.